Berriak eta alertak

Tafallan Ager Vasconum Literatur Lehiaketaren IX. edizioa aurkeztu da

26/02/2026

Aurkezpenean Gontzal Ibarrola Tafallako alkateordea, Itziar Imaz Garesko alkatea, Javier Solozabal Zangozako alkatea, Marta Tiebas Zangozako kultura zinegotzia eta Javier Arakama Nafarroako Gobernuaren Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea mintzatu dira. Bertan kartela eta oinarriak ezagutzera emateaz gain, Nafarroako Erdialdeko eta Hegoaldeko euskaldun gazte oro parte hartzera animatu dute. Antolatzaileek administrazioak euskaraz bizitzeko esparruak sortzeko premia nabarmendu dute, eta lehiaketaren helburuak azpimarratu dituzte, hain zuzen ere, euskaraz idazteko zaletasuna bultzatzea, literatura sorkuntza sustatzea, eskualdeko gazte literaturzale euskaldunak elkar ezagutzea eta tokiko ekimenak euskaraz sortzea.


Lehiaketaren epeak eta epaimahaia


Aldi berean, antolatzaileek 2026ko edizioaren epeak eman dituzte ezagutzera:



  • Lanak aurkezteko azken eguna: apirilak 24.

  • Epaimahaiaren erabakia: ekainaren 11n, Ager Vasconum eta Udalen web orriaren bidez jakinaraziko da.

  • Sari banaketaren ekitaldia: ekainaren 18an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan Garesko zubipean izanen da (eguraldi txarra eginez gero, Vinculo etxean).


2026ko edizioaren epaimahaikideak ondoko hauek dira:



  • Urtzi Elorza, Nafarroan bizi den Barakaldoko idazlea.

  • Amaia Aldanondo Perkaz (Zangoza), euskara irakasle eta Ager Vasconum edizio batean irabazle.

  • Angel Erro Jimenez, Iruñeko idazlea.

  • Castillo Suarez Garcia, Sakanako idazlea eta euskaltzaina.


Eskertza eta euskara gara


Halaber, antolatzaileek institutuetako irakasleei eskertza berezia eman diete, ahalegin tinkoa eta jarraitua egiten ari baitira gazteek parte har dezaten; haien ahaleginik gabe, Ager Vasconum Literatura Lehiaketa ez litzateke arrakastatsua izanen. Horrez gain, laguntzaileen lana ezinbestekoa izan da lehiaketaren hastapenetik, eta horretan aritu dira Euskarabidea, Altaffaylla Fundazioa eta Elkar Argitaletxea. Aurten, lehenbiziko aldiz, Tederko, Cederna Garalurko eta Erdialdeko Partzuergoko euskara eragileen bidez lehiaketaren publizitatea Agerren eremu guztietara zabalduko da.


Lehiaketa bitartean, Korrikak Ager Vasconum eremua zeharkatuko du euskara gara lelopean. Hala izanik, antolatzaileek espero dute pizgarri bat gehiago izatea gazteek euskaraz idatzi eta lehiaketan parte hartzeko.


Argibide guztiak webgunean


Argibide guztiak Ager Vasconum webgunean daude. Bertan 2026ko oinarriak topatzeaz gain, lanak postaz bidaltzeko zerbitzua, karrikaratu diren argitalpenak eta saridunen hemeroteka eskuragarri daude, besteak beste.


Lehiaketa zifratan


Literatura lehiaketaren zortzi edizioetako zifrak hauxek dira: 1187 idazlan, 610 narratiban eta 474 poesian. Guztira 124  saridun. Agerikoa da, beraz, euskaraz idazteko grina eta gaitasuna dagoela Nafarroako hegoaldean, baita hamaika istorio euskaraz kontatu beharra ere.



La entrada Tafallan Ager Vasconum Literatur Lehiaketaren IX. edizioa aurkeztu da se publicó primero en Ayuntamiento de Tafalla/Tafallako Udala.


Informazio gehiago

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies